Ikasleen autoerregulazioa sustatzen dugu bikoteka lana eta Ikaskuntza kooperatiboa uztartuz.
IKASKUNTZA KOOPERATIBOA (IK/KI PROGRAMA)
ZER DA?
IK/KI programa (Ikasten Kooperatu/Kooperatzen Ikasi) ikaskuntza kooperatiboa ardatz hartuta, partehartzaileen arteko elkarreragina sustatuz, curriculumaren alorretako jarduera hezigarriak egituratzeko modua da.
Programa hau hiru esku-hartze eremuren bueltan artikulatzen da: talde-kohesioa, talde-lana irakasteko baliabide gisa, eta talde-lana irakasteko eduki gisa.
A eremua: Ikaskuntza kooperatiboan murgiltzeko, neurri batean prestatu behar dugu ikastaldea, pixkanaka kooperazio, elkarrekiko laguntza eta elkartasunerako giro lagungarria sortuz.
B eremua: Talde-lana irakasteko baliabide gisa hartzen du, ikasleek, honela lan eginez, elkarri lagunduz, eskola-edukiak hobeto ikas ditzaten. Talde-lana benetakoa izateko bi baldintza bete behar dira: partaide ororen parte-hartze ekitatiboa eta horien guztien aldibereko elkarreragina. Hartara, IK/KI Programak bi baldintza horiek bermatzen dituzten egitura kooperatibo multzo bat dauka.
C eremua: Talde-lana irakasteko eduki bat da. Horrexegatik, talde-lanean aritzen irakatsi behar zaie era egituratuago batean, talde-lana irakasteko baliabide gisa erabiltzeari utzi gabe. Honela, ikasleek oinarrizko konpetentziak areago garatzeko aukera iraunkorra zein normalizatua (ez behartua) izango dute, batez ere, komunikazioarekin lotutako konpetentzietan.
ONURAK:
- Gaitasun eta motibazio desberdinak dituzten ikasleek elkarrekin ikastea ahalbidetzen du, batzuek besteengandik ikasiz eta ikaskuntzarako elkar estimulatuz.
- Ikasleak talde heterogeneotan banatzea errazten du, bere aniztasunari arreta eman eta antolaketa homogeneoen eragin negatiboa eta etiketak ekidinez.
- Ikasleek elkarbizitzen ikasten dute; norbera dena baieztatuz eta besteek eskaintzen digutena bilatuz eta onartuz.
- Baloreen sustapena: solidaritatea, elkar laguntza, desberdintasunarekiko errespetua, etab.
- Gaitasun komunikatiboen garapena: pentsamenduak, gertaerak adieraztea, arrazoitzea eta interpretatzea; besteen ideiak entzutea; kritika eraikitzaileak egitea, jasotzea eta onartzea.
- Gaitasun sozialen garapena: gatazkak kudeatzeko elkarrizketa eta negoziazioa praktikatzea, taldean lan egitea, norberak dakiena gainontzekoei eskainiz, elkarrekin arazoak ebazteko.
AUTOERREGULAZIOA – BIKOTEKA LANA
Zertan datza?
Bikoteka edo taldean lan egiteko saioak ordutegian planifikatuta daude. Astelehenero aste horretarako bikoteak esleitzen dira (aste bakoitzean desberdinak) eta irakasleak aste horretan egin behar dituzten lanak azaltzen ditu eta asteko txostena banatzen die. Ostiralerako lan horiek eginak egon behar direnez, ikasleek beraien bikotearekin antolatuko dira, jarduerak noiz eta zein ordenean egin adostuz.
Lan horietan gaitasun ezberdinak lantzen dira, beti ere, hizkuntza eta matematiken gaitasunetan sakonduz. Orokorrean, proposatzen diren jarduerak diziplinartekoak dira.
Aste amaieran autoebaluazioa eta koebaluazioa burutzen dute, ikasten ikasteko gaitasuna suspertuz.
Bikoteka lanak elkarlana eta kooperazioa sustatzen du, erabakiak hartzea eta haien ikaskuntza planifikatzea. Modu honetan autoerregulazioa eta autonomia bultzatzen dira.
ONURAK
- Elkarrekintza eta elkarrizketa sustatzen dira.
- Autoerregulazioa bultzatzen da.
- Ikaskuntza instrumentalean hobekuntzak ematen dira.
- Ikasleen gizarteratzea bultzatzen du.
- Balioak garatzen ditu, hala nola elkartasuna, errespetua, eskuzabaltasuna…
- Autonomia eta elkar laguntza sustatzen ditu. Errespetua eta akordioetara iristea bultzatuz.
- Ahozkotasuna sustatzen da, jardueretan elkarrizketa bidez hizkuntza ezberdinak lantzen dira.